Junior eta Absolutuek emaitza onak lortu zituzten Neguko Euskal Herrikoan

Bi zilar,  hiru brontze eta 12 marka pertsonal egitea lortu zuten gure igerilariek

Pasa den asteburuan txapelketa ona burutu zuten gure taldekideek Gasteizeko Mendizorrotzan ospatu zen junior eta absolutu mailako Euskal Herriko Neguko Txapelketan. Gure taldetik bost igerilari aritu ziren lehian; Unai G. Somovilla, Eneko Elizasu, Nora Imaz, Garazi Etxeberria eta Izaro Audikana. Bosten artean marka pertsonal ugari hobetzea lortu zuten.


Unai G. Somovilla 50 eta 100 tximeletan eta 50 eta 200 bular probatan lehiatu zen. Bular estiloko probatan ez zuen marka pertsonalik hobetzerik izan baina bai tximeleta estiloko bi probatan. Estilo honetako 50 metroko marka pertsonal berria 28,87an ezarri zuen Unaiek eta 100 metrokoa aldiz 1:08,64an.

Eneko Elizasu 100, 200 eta 400 librean zegoe izena emanda baina sorbaldako arazoak medio igande arratsaldeko 200 librean baja eman zuen. Egoera horretan ere ezin izan zituen 100a eta 400a nahi bezain ondo egin baina 100 librean 58,78 eginaz marka pertsonala egitea lortu zuen. 400 metrokoan sorbaldako minak baldintzatuta jada, bere marka eta ahalmenetik aldenduta lehiatu zen.

Nora Imaz 100, 200, 400 eta 800 librean lehiatu zen. 200 librean marka pertsonala egin zuen aurrekoa bi segundutan hobetuta eta kronoa 2:15,07an geratuz. Beste horrenbeste kendu zion bere aurreko 400 libreko markari eta erregistro berria 4:45,93an ezarri zuen. Distantzia luzeenean, 800 librean, 9:44,00 eginda lau segundu pasatxo kendu zizkion bere aurreko marka pertsonalari. Markak hobetzea lortu zuen hiru proba hauetan (200, 400 eta 800 librean) Norak igerileku luzeko taldeko 17 urteko errekor berriak ezartzea lortu zuen aipatutako markekin. Junior kategorian Norak zilarrak eskuratu zituen 800 librean eta 400 librean eta 200 librean junior kategoriako brontzea kolkoratu zuen.

Garazi Etxeberria 50, 100 eta 200 librean eta 200 lau estiloetan aritu zen. Igeri egindako lau probatan marka pertsonalak egin zituen, bereziki 200 metrokoak nabarmen hobetuz, nahiz eta 100 libreko 3 segunduko hobekuntza bera ere, hobekuntza makala ez izan. 50 metrokoan 28,52 egin zuen Garazik, 100 metrokoan 1:00,97, 200 metrokoan 2:18,67 eta lau estiloetako 200 metrokoan 2:41,05. Garazik 50 librean egindako marka igerileku luzeko taldeko 16 urteko errekor berria da gainera. Dominei dagokionez, Garazik brontzeak eskuratu zituen junior kategoriako 100 librean eta 50 librean.

Izaro Audikana 200 librean bakarrik lehiatu zen eta burututako proban 2:30,22 eginda marka pertsonal berria ezartzea lortu zuen eta baita 100 metroko paseko 1:13,24arekin ere.

Zorionak bostoi egindako txapelketagatik eta lanagatik!!


📬 Harpidetu zaitez gure albisteak emailez zure postontzian jasotzeko

Iruzkinak