Zuhatzan egun paregabeak pasa zituzten taldekideek


Arrazoi desberdinak tarteko, azken urteetan zehar antolatu ez dugun arren, aurten denboraldi hasierako Zuhatzako irteera egiteko ohitura berreskuratu dugu. Hala, pasa den irailaren 5, 6 eta 7an bertan izan ziren gure taldeko hainbat partaide, Hernaniko beste igerilari batzuekin batera. Denera 44 haur eta gaztek hartu zuten parte irteera honetan eta elkarren artean ezagutu eta harremanak sendotuz, hiru egun paregabe pasa zituzten Zuhatzako irlan.

Astelehen goizean abiatu genuen esperientzia eta behin bakoitza bere etxoletan kokatua, indarrak hartzeko bazkari eder bat hartu eta arratsaldean hiru jarduera ezberdin egin zituzten haurrek: txikitxoenak Optimist-ean aritu ziren eta besteak arraunean edo wind surf-a praktikatzen. Ondoren, meriendatu eta eguraldia aprobetxatuz bainu eremuan egon ginen. Dutxatu, afaldu eta gaueko jolasekin amaitu genuen lehen eguna, jada denon artean pixkanaka ezagutzen hasita.

Astearte goizean berriz, batzuk piraguetan irlaren inguruak ezagutzera joan ziren eta beste batzuk berriz, frontoian jolasean, beisbolera edota rokodromoan jardun zuten. Bazkaldu ondoren berriz, aurreko egunean wind surf-a egin ez zutenek kirol hau ezagutzeko aukera izan zuten eta batzuk baita errepikatu eta hobetzeko aukera ere! Dutxa bero bat hartu, afariarekin egun osoan xahututako energia berreskuratu eta entrenatzaile zein igerilari helduenek haurrei Zuhatzaren historia, kondairak, sorrera… kontatu zizkieten, beldur-gau moduko bat aurrera eramanez. Agian entrenatzaileek haurrek baina beldur gehiago pasa zuten…!

Asteazkena izan zen azken eguna; gosaldu, maletak prestatu eta etxera buelta egin genuen, bai Hernaniko haur zein nerabeekin eta baita taldeko beste igerilariekin harreman sendoago bat sortuta!

Egun hauetan irlako begiraleekin egindako edota denbora librean burututako ekintzetan ondo pasatzeaz gain, taldean eta elkarlanean egin dute dena: etxoletan taldekatuta lo egin, otorduetarako mahaiak prestatu, ondoren dena jaso eta garbitu… honek ere talde izaera sendotzen duela uste dugu eta askorentzat ikaskuntza berria izan da zeregin horietan parte hartzea.

Hau horrela, entrenatzaileen ustez esperientzia polita eta aberasarria izan da inguru paregabe honetan igarotakoa eta haurrentzat ere halakoa izan dela espero dugu. Hurrengo urteetan berriro ere ohitura bilakatzea nahi dugu eta ea urtez-urte taldekide gehiago animatzen zaizkigun egun eder hauetan parte hartzera. Astelehenean jada igerilekura bueltatzea tokatzen da; beraz, bertan ikusiko dugu elkar.

Hemen bertako argazki albuma iksui dezakezue: https://photos.app.goo.gl/3GtCTs8VYijVANc69

BRNPWR!!


📬 Harpidetu zaitez gure albisteak emailez zure postontzian jasotzeko



Iruzkinak