Alebinek bikain jarraitzen dute!


Joan den larunbatean, gure klubeko alebin taldeak bere ligako hirugarren jardunaldia izan zuen. Alebin Ligako 3. jardunaldia Ordiziako Majori igerilekuan jokatu zen eta guztiak benetan gogotsu lehiatu ziren. Gure klubeko 4 mutil eta neska 1 lehiatu ziren; Iñaki García, Mario Amantegi, Kimetz de la Cruz, Ohian Matute eta Itxaso Iparragirre. Proba-programari dagokionez, oinarrizko probak 200 bizkar eta 100 tximeleta izan ziren adin guztietarako. Mutilen kasuan estilo libreko 4x100 errelebua ere izan zuten saioa amaitzeko.

Aurreko saioetan bezala, gure igerilariak oso gogotsu hasi ziren lehen metroetatik, eta bizkar estiloko 200 metroak bezalako proba zail baten aurrean, batere beldurrik gabe eta ausardiaz egin zuten igeri. Tximeleta estiloko 100 metroetan, denek erraztasun handiz egin zuten igeri, hasera batean nolabaiteko errespetua eman ohi duen proba beldurrik gabe erasoz eta teknika egoki baten bidez aurrera ateratzen dakitela erakutsiz.

Mutilek estilo libreko 4x100 erreleboarekin amaitu zuten saioa, eta, aurretik ahalegin handiko bi proba egin zituztela jakinda, aitortu behar dugu benetan lan ona egin zutela. Zorionak guztioi!

Oro har, maila bikaina eman genuen berriro ere, eta egindako probetan lehen postuetan egon ginen. Aipatzekoa da Iñaki Garcíak 200 bizkar proban 2:27,65 eginda lortutako taldeko 13 urteko errekor berria, guztiek burututako probak benetan onak gutxietsi gabe. 

Datozen egunetan oporretan sartuko dira gaztetxo hauek eta entrenamenduetan ildo beretik jarraitu behar dugu, teknikoki hobetu eta hartutako erritmoari eutsi. Hurrengo proba urtarrilaren 28an izango du alebinen taldeak, Teknifikazio Sarian.

Aupa ekipo! Brnpwr!



📬 Harpidetu zaitez gure albisteak emailez zure postontzian jasotzeko



Iruzkinak