Taldeko laukotea igerileku luzean esperientzia hartuz, pozik itzuli da Iruñeako Euskal Herriko Txapelketatik

Pasa den asteburuan txapelketa ona burutu zuten gure taldekideek Iruñeako Amaya Kirol Hirian ospatu zen junior eta absolutu mailako Euskal Herriko Neguko Txapelketan. Gure taldetik lau igerilari bertaratu ziren: June López, Garazi Etxeberria, Iker Gorostegui eta Miren Sarobe. Denen artean 11 marka pertsonal egitea eta bi brontze etxeratzea lortu zuten.
June López bizkar erako 50, 100 eta 200 metroko probetan eta 100 librean aritu zen eta igeri egindako proba guztietan marka pertsonalak egitea lortu zuen. Bizkar erako 50 metrokoan 35.08 egin zuen, 100 metrokoan 1:14.92 eta proba luzeenean, 200 metrokoan, 2:40.71-ean geratu zuen kronoa. 100 librea igerileku luzean egiten zuen lehen aldia izan zen eta erregistroa 1:06.00-an utzi zuen. Gaineratu beharra dago June gaixorik egon dela bi egunetan; beraz, alde horretatik oso pozik egoteko moduan gaude, horrela egonda ere lehiatzen jarraitu, horretarako esfortzua egin eta maila txukunean aritu baita. Bejondeizula!

Garazi Etxeberria eta Miren Sarobe 50, 100 eta 200 libre eta lau estiloetako 200 metrokoetan lehiatu ziren. Larunbateko probek, 50 eta 100 libreak, ez zuten arrakasta askorik izan, ez batak eta ez besteak ez baitzuten marka pertsonalik ezartzerik izan. Hala ere, proba motzean haien erregistroetatik gertu ibili ziren biak eta Garazik junior mailako hirugarren postua lortu zuen. Igande goizean berriz, biek 200 libre proba izan zuten eta marka pertsonalak lortu zituzten. Mirenek 2:22.03 egin zuen eta Garazik berriz 2:15.54, aurreko marka hiru segundutan hobetuta; gainera, Garazik proba honetan ere hirugarren postua lortu zuen junior mailan, brontzezko domina kolkoratuz. Arratsaldean lau estiloetako 200 metroko proba egin zuten eta Garaziri bigarren zatia gogorra egin zitzaionez, ez zuen marka hobetzerik izan baina Mirenek beste marka pertsonal berri bat ezarri zuen, 2:43.80 eginda.

Azkenik, Iker Gorostegui 100 eta 200 tximeletan, 200 librean eta lau estiloetako 200 metrokoan lehiatu zen. 100 tximeletan ezin izan zuen marka pertsonalik egin baina gainontzeko probetan bai. Estilo bereko 200 metroko proban 2:30.09an geratu zuen kronoa, aurreko marka 6 segundutan hautsiz. Lau estiloetako 200 metroko probako marka berria 2:27.03an utzi zuen eta distantzia berean baina estilo librean, 2:08.91 egin zuen; gainera, proba honetako 100metroko pasean ere marka pertsonala ezarri zuen, 1:03.42 eginda.

Zorionak lauroi egindako lanagatik! Hemendik bi aste barru Udaberriko Sarian izango dira Tolosan, haien taldekideekin batera eta horren ostean, Aste Santuko oporraldia etorriko da, denek atseden hartu eta denboraldiko bigarren zatiari indarberrituta ekin diezaioten.


📬 Harpidetu zaitez gure albisteak emailez zure postontzian jasotzeko



Iruzkinak