Alebinek bide onetik jarraitu zuten Andoainen

Joan den larunbatean, gure klubeko alebin taldeak bere bigarren lehiaketa jardunaldiaz gozatu zuen. Alebin Ligako 2. jardunaldia Andoaingo Alluralde igerilekuan izan zen eta denak gogotsu lehiatu ziren.


Gure klubeko 5 mutil eta 5 neska lehiatu ziren: Itxaso Iparragirre, Aizpea Barcina, Aiala Erro, June Apeztegia, Amy Y. Sánchez, Ander Martinez, Liher Albizu, Lier Garmendia, Oier Jauregi eta Aitor Ormazabal. Proben programari dagokionez, oinarrizko probak estilo libreko 200 metroak eta bular estiloko 100 metrokoa izan ziren adin guztietarako. Nesken kasuan estilo libreko 4x100 errelebua ere izan zuten saioa amaitzeko.

Aurreko jardunaldian bezala, gure igerilariak gogotsu hasi ziren lehen metroetatik eta estilo libreko 200 metroak bezelako proba zail baten aurrean, beldurrik gabe eta ausardiaz egin zuten igeri. Proba honetan, Itxaso Iparragirrek Gipuzkoako Alebin mailako Txapelketarako gutxienekoa egitea lortu zuen kronoa 2:49,57an geratuta. Bular estiloko 100 metrokoari dagokionez, aurreko probatik 20 minutu eskasetan burutu bazuten ere, gure igrilariek txukun egin zioten aurre probari. Proba honetan lortutako emaitzei esker, Amy Y. Sánchez-ek ere Gipuzkoako Txapelketarako gutxienekoa lortu zuen kronoa 1:53,22an geratuz. Proba horretan June Apeztegiak ere badu jada gutxienekoa. Itxaso Iparragirrek ere gutxienekoa lortu zuen egindako 1:41,59ari esker.

Hasiberriei dagokionez, Lier Garmenda benetan gogotsu ikusi genuen, nagusi izan zen 50 librean gero eta igeri egiteko modu sendoagoa lortuz aurrera doala erakutsita.

Neskek 4x100 erreleboarekin amaitu zuten saioa, estilo librean, eta, aurretik oso denbora gutxian ahalegin handiko bi proba egin zituztela jakinda, aitortu behar dugu benetan lan ona egin zutela. Itxaso Iparragirrek, Aiala Errok, June Apeztegiak eta Aizpea Barcinak osatutako laukoteak 6:14,42 egin zuen laugarren postuan sailkatuz. Tartean Itxaso Iparragirrek gutxieneko berri bat egin zuen, 100 libreko marka berria 1:19,14an ezarriz. Amy Y. Sánachez-ek ere, Igartza eta Ordiziako igerilariekin batera, errelebua egiteko aukera izan zuen.

Oro har, gure hamar gaztetxoek maila handia eman zuen. Hemendik aurrera, guri dagokiguna ildo beretik jarraitzea da, teknikoki hobetzea eta hartutako erritmoari eustea, eta ziur gaude guztiok ildo horretan jarraituko dugula. Ligako hurrengo jardunaldian, alebin taldeak 100 tximeleta eta 200 bizkar probak izango ditu, berriro ere Lasarte-Orian.

Ez genuke gure kronika jardunaldia aurrera ateratzen lagundu zuten klubeko guraso eta lagunei eskerrak eman gabe. Mila esker Ane Etxebeste, Amalur Yubero, Mikel Pérez, Ainhoa Cencillo, Aitor Barcina, Daniel Garmendia, Nati Lojo, Unai Barcina eta Itsaso Tolosa, zuen laguntzarik gabe ezingo genukeen jardunaldia burutu!

Aupa Ekipo! Brnpwr!


Iruzkinak