Marka pertsonal ugari, taldeko errekorrak eta gutxieneko bat ekarri ditu Iñakik Mallorcatik
Pasa den asteburuan Iñaki García taldekidea Mallorcan izan da, Euskadiko Selekzioarekin Infantil eta Junior kategorietako Federazio Arteko Espainiako Txapelketan lehian. Bertan parte-hartze haundia izan du Iñakik, banakako hiru probez gain beste hiru errelebutan ere lehiatu baita, guztira sei proba aurrera eramanez. Txapelketa 50 metroko igerilekuan izan zen eta hau kontuan hartu beharra daukagu; izan ere, Iñaki ez dago honetara ohituta eta oso ezberdina da igerileku laburrarekin alderatuta. Hala ere, oso ondo egin dio aurre erronka honi, emaitza oso onak lortuta.
Bakarkako probei begira, emaitza paregabeak lortu dituela esan beharra daukagu; larunbat goizean bizkar erako 200 metrokoan aritu zen, arratsaldean estilo bereko 100 metrokoan eta igande goizean berriz, lau estiloetako 200 metrokoan. Lehen proba horretan 2:23.91 denborarekin 15. postua eskuratu eta marka pertsonal berria egiteaz gain, taldeko 15 urteko eta absolutu mailako errekorrak ezarri zituen. Arratsaldean, 100 bizkar proban 1:04.84-an geratu zuen kronoa, kasu honetan ere marka pertsonala eta taldeko 15 urteko eta absolutu mailako errekorrak ezarriz eta 11. sailkatu zen. Horrez gain, marka horrekin Iñakik martxoaren erdialdean Terrassan ospatuko den Infantil Mailako Neguko Espainiako Txapelketarako txartela eskuratu du. Zorionak! Azkenik, igandean, lau estiloetako 200 metrokoan 2:29.55 egin zuen, berriro ere marka pertsonala ezarriz eta jada neke handia bazuen ere, marka benetan ona eginez.
Proba hauez gain, esan bezala, Iñakik Euskadikoarekin hiru erreleboetan ere parte hartu zuen: 4x200 librean, 4x100 librean eta lau estiloetako 4x100 metrokoan. Hiruetan benetan marka aipagarriak egin zituen eta taldeak 11., 8. eta 7. postuak eskuratu zituen hurrenez hurren.
Sailkapen orokorrean, Euskadi mutiletan 11. izan zen, nesketan 5. eta sailkapen bateratuan ere 5. postua eskuratu zuen.
Txapelketa garrantzitsuak gerturatzen ari diren honetan, jada berak duen maila erakusten ari da Iñaki eta hala jarraituko du hurrengo asteetan zehar ere. Asteburu honetan Bergaran izango da gainontzeko taldekide askorekin batera, Gipuzkoako Neguko Infantil, Junior eta Absolutuen Txapelketan parte hartzen; ea beste gutxienekorik lortzeko aukerarik baduen.
Animo Iñaki eta zorionak egindako Txapelketagatik!
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina