Markak hobekuntzak eta taldeko errekor berri bat Tolosan


Alebinen taldeak euren ligako seigarren jardunaldia Tolosako Usabal Udal kiroldegian izan zuen pasa den larunbatean. Bertan, gure taldeko zazpi haur izan ziren lehian, denak 2011 eta 2012 urtekoak.

Jardunaldi honetarako adin tarte honetako haurrek 800 librea eta 200 bular probak izan zituzten emakumezkoetan eta 100 bizkar edo 200 tximeleta eta 200 bular probak gizonezkoetan.

Emakumezkoei dagokionez, 800 metroko proban jarri genuen arreta gehien, oso proba osoa delako adin hauetako haurrentzat, distantzia luze baten kontrola eta esfortzuaren kontrola biltzen dituelako bere baitan. Proba honetan aritu ziren Itxaso Iparragirre, Izaro Bautista, Aizpea Barcina eta June Apeztegia. Emaitzei dagokionez, laurek oso proba txukuna burutu zuela esan behar dugu. Itxasoren kasuan, bigarren sailkatu zen eta egindako 12:18,59arekin Gipuzkoako Txapelketarako gutxienekoa egin zuen. Proba sendo honen ondoren 200 bular proba izan zuten gure gaztetxoek eta proba bera jada gogorra izanik, aurrez 800 librea egin ostean are gehiago. Hala ere, laurek euren onena ematen jakin zuen proba honetan ere. Burututako probako guztietan laurek euren aurreko markak hobetzea lortu zuten. Saioa amaitzeko, laukoteak lau estiloetako 4x100 erreleboa izan zuen saio bereziki gogor hau ixteko. Bizkarrez June aritu zen, Izaro bular estiloan, Itxaso tximeletan eta Aizpea krolean. Lauren artean 6:49,38ko denbora egin zuten, hirugarren sailkatuz. 

Gizonezkoen kasuan, Oier Jauregi, Lier Céspedes eta Aitor Ormazabal izan ziren lehian aritu zirenak. Oierek eta Lierrek 100 bizkar eta 200 bular osatu zituzten eta Aitorrek berriz 200 tximeleta eta 200 bular probak. Hirurak txukun aritu ziren euren probatan. AIpamen bereziren bat egitekotan, batetik Aitorren tximeleta erako proba azpimarratuko genuke. Izan ere, proba benetan sendoa izateaz gain, Aitorrek 12 urteko taldeko errekor berria 3:48,66an ezarri baitzuen. Aitor hirugarren sailkatu zen proba honetan. Bestetik, bular estiloko proban, bai Aitor bera eta baita Oier ere hirugarren sailkatu ziren, nor bere adinean.

Datorren maiatzaren 4an, alebin taldeak bere ligako zazpigarren eta azken jardunaldia izango du. Jardunaldi hau berriro ere Tolosako Usabal udal kiroldegian izango da.

Burunpower!



Iruzkinak