Ederra izan zen Gipuzkoako Kopako asteburua gureentzat

42 marka pertsonal, taldeko 3 errekor berri, gutxieneko mordoa eta giro paregabea Gipuzkoako Taldeen Kopan

Asteburu honetan Irungo Azken Portu igerilekuan izan ditugu gure 14 igerilari, Gipuzkoako Kluben Arteko Kopan lehian. Emaitza txukunak lortu dituzte gureek, marka pertsonal ugari eginda, gutxieneko mordoa lortuta eta baita taldeko 3 errekor haustea lortuta ere. Sailkapenari begira, 7. eta 9. postuetan aurrera eta atzera ibili ondoren, emakumezkoek 8.postuan amaitu zuten, gizonezkoek 7. postuan eta denera, 9. izan ziren azkenean.
Urteko zita politenetakoa izaten da txapelketa hau, inork galdu nahi ez duen hitzordu horietako bat. Aurtengoan, Gizpuakoako talde guztiak maila berean lehiatu dugu, A eta B mailak bereizi gabe; hau horrela, talde bakoitzetik bi gizonekok eta bi emakumezkok parte hartzen dute proba bakoitzean eta lehen 16ek bakarrik lortzen dituzte puntuak. Gure kasuan, gizonezkoetan adibidez, ezin izan ditugu programako proba guztiak bete eta emakumezkoetan, lesio edota bestelako egoeren ondorioz igerilari batzuk lehiatu gabe geratudira (Alba Escribano eta Irati Etxeberria).

Gure taldeko partehartzaileak hauek izan ziren: June Lopez, Iñaki García, Saioa Elola, Oihan Matute, Garazi Etxeberria, Iker Gorostegui, Miren Sarobe, Ibon Elola, Mayi Gorostegui, Mario Amantegui, Ane Meyer, Kimetz de la Cruz, Nora Miguelez eta Amaiur Iparragirre. Alba Escribano eta Irati Etxeberriak parte hartzeko asmoa bazuten ere, gaixoaldien ondorioz ezin izan zuten gure artean egon; espero dugu berehala berriro ere forma hartu ahal izatea.

Asteburu osoko lau jardunaldietan zehar eta baita bazkal orduan ere, giro paregabea izan zuten gureek talde-giroan eta ustez, honek nork bere proban jarritako esfortzuan lagundu zuen. Proba indibidualez gain, errelebuak ere aipatzekoak izan ziren; izan ere, taldean egiten den lehiak izanik, igerilariek dioten bezala, gogo, zirrara eta motibazio handia pizten duten probak dira. 

Emaitzei dagokionez, zenbait igerilarik gutxieneko ezberdinak eskuratu zituzten. Euskal Herriko gutxieneko berriak lortu zituzten pertsonak 5 izan ziren: Iker Gorosteguik (lau estiloetako 200 metrokoan) eta Miren Sarobek (lau estiloetako 100 metrokoan eta 50 librean) absolutu mailako guxtienekoak eta Mario Amantegik (1500 librean eta lau estiloetako 400 metrokoan), Oihan Matutek (100 bular proban) eta Garazi Etxeberriak (200 tximeletan) haien adinetakoak. June López eta Amaiur Iparragirre berriz, hauetara asko gerturatu ziren (50 bizkar eta 800 librean Juneren kasuan eta Amaiur lau estiloetako 200 metrokoan) eta zenbait infantilek ere Gipuzkoako Udako gutxieneko berriak lortu zituzten: Kimetz de la Cruz-ek libre erako 1500 eta 200 metroetan, Ane Meyerrek 100 librean, Mario Amanteguik lau estiloetako 100 metrokoan, Nora Miguelez-ek bular erako 200 metrokoan eta Oihan Matutek 100 tximeletan. 

Marka hobekuntzei begira, guztira 42 izan ziren 14 igerilariren artean lortutakoak eta aipatu bezala, taldeko 3 errekor berri ere ezarriz dituzte gureek. Hauek Iñaki García eta Iker Gorosteguiren eskutik etorri dira. Lehenak bizkar erako 200 metrokoan 2:15.92 denborarekin, 2 errekor ezarri ditu (15 urtekoa eta aldi berean, absolutu mailakoa) eta Ikerrek berriz, lau estiloetako 200 metrokoan, 2:19.27 denborarekin, gizonezkoen absolutu mailako errekor berria ezarri du. Zorionak bioi!

Zorionak talde osoari egindako lanagatik! Hurrengo zita, berriro ere Irunen izango dute, maiatzaren 18an ospatuko den San Martzial Sarian eta asteburu honetan bertan, Iñaki García Tarbes-en (Frantzia) izango da Gipuzkoakoarekin lehian, libre erako 50, 100, 200 metroko probetan eta bizkar erako 50 metroko proban; beraz, segi bide beretik lanean ekipo! BRNPWR!

EMAITZAK HEMEN IKUS DITZAKEZUE

Iruzkinak