7 domina, 16 marka pertsonal berri, taldeko lau errekor berri, 8 final eta estatu mailako txapelketarako gutxieneko berri bat VII. Gipuzkoa Open Sarian
Pasa den asteburu osoan zehar taldeko igerilari multzo bat VII. Gipuzkoako Open Sarian izan zen lehian, Donostiako Paco Yoldi igerilekuan. Goizez kanporaketa serietan aritu ziren eta arratsaldetan gureetako batzuk finaletan egotea ere lortu zuten. Partaideen artean gure taldeko zazpi igerilari izan genituen: Miren Sarobe, Garazi Etxeberria, Iker Gorostegui, Ibon Elola, Mario Amantegi, Oihan Matute eta Iñaki Garcia.
Gehienak igerileku luzean lehiatzera ohituta ez daudenez, zalantza edo ezjakintasun handiarekin zeuden haietako asko, infantilak batez ere; baina hala ere, gogotsu egin zioten aurre erronka horri. Azkenean, denen artean 16 marka pertsonal ezartzea lortu zuten eta horrez gain, lau taldekide izan genituen finaletan parte hartzen (Miren Sarobe, Garazi Etxeberria, Ibon Elola eta Iñaki Garcia).
Ezarritako markak honakoak izan ziren:
- Miren Sarobek 50 librekoa (28.29), 50 tximeletakoa (32.25), lau estiloetako 200 metrokoa (2:40.46) eta 100 librekoa (1:02,76).
- Iker Gorosteguik tximeleta erako 50 (28.44) eta 100 (1:03.60) metroetan.
- Ibon Elolak bizkar erako 50 (31.49) eta 100 (1:07.54) metroetan.
- Mario Amantegik bizkar erako 100 metrokoan (1:11.31) eta 400 librean (4:39.96).
- Oihan Matutek lau estiloetako 400 metroko proban (5:22.06) eta 400 librean (4:34.72).
- Iñaki Garciak 50 (25.42), 100 (55.51) eta 200 (2:03.52) librean eta bizkar erako 50 metroetan (29.87).
FINALAK
Lorpen horiez gain, esan bezala, gureak bai final eta baita podiumean ere izan genituen. Garazi Etxeberriaren kasuan, larunbateko bi probetan (50 libre eta lau estiloetako 200 metrokoan) arratsaldeko finaletan egotea lortu zuen; Miren Sarobe larunbatean lau estiloetako 200 metrokoan izan genuen eta igandean berriz, 100 librean; Ibon Elola larunbateko bizkar erako 100 metroko proban sailkatu zen finalera; eta azkenik, Iñaki Garcia, 100 eta 200 librean eta bizkar erako 50 metroko finaletan izan zen.
DOMINAK
Iñaki Garciaren kasuan, igeri egindako proba guztietan podiumeko maila gorenean egotea lortu zuen, infantil mailako txapeldun geratuz. Oihan Matute ere igeri egindako proba bakoitzean infantil kategoriako podiumean izan genuen: 400 librean txapeldun geratuz eta lau estiloetako 400 metroko proban berriz, hirugarren. Azkenik, Mario Amantegi Oihanen atzetik geratu zen 400 librean, zilarrezko domina kolkoratuta.
ERREKORRAK
4 izan ziren hobetutako 15 urteko taldeko errekorrak. Alde batetik, Oihan Matutek lau estiloetako 5:22.06 denborarekin eta bestetik, Iñakik hiru probatan: 50 librean, 50 bizkar proban eta 100 librean. Azken hau gainera, 2012 urteaz geroztik puskatu gabe zegoen. Zorionak!
Hauek ere, beste taldekide guztiekin batera, larunbat honetan Lasarte-Oriako "Maialen Chourraut" Udal Kiroldegian izango dira, bertan ospatuko den Lasarteko XXXIII. Sarian, Pertsonen Sarian, parte hartzen. Etxean izanda, badakigu gogoz arituko direla!
Zorionak guztioi egindako lanagatik!! Jarraitu azken txanpan lanean, ez zaizue ezer geratzen!! BRNPWR!!
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina