Zoragarria izan zen XXXIII. Lasarte-Oria Saria

Pasa den larunbat arratsaldean gure taldearen festa izaten den XXXIII. Lasarte-Oria Saria ospatu genuen Maialen Chourraut igerilekuan. Aurten 8 talde ezberdinetako igerilariak bildu ditugu igerilekuan, guztira 230 pertsona inguru elkartu ginelarik. Parte hartu zuten taldeak honakoak izan ziren: Hernani K.E., Gaude, Elkar 64 Natation, Igartza I.K.E., Atletico San Sebastian, Amaya C.D., Ordizia K.E. eta Buruntzaldea I.K.T.
Aurreko urteko berrikuntzarekin berdintasunaren aldeko apustua egiten jarraitzeko asmoz, berriro ere proba bakoitzeko serieak mixtoak izan ziren inolako bereizketarik egin gabe eta gainera, igeriketa egokitua ere barne hartu genuen, sailkapena egiteko norberak bere erreferentziazko taularen arabera lortutako puntuak erabili genituelarik; beraz, “Pertsonen Saria” izena ere mantendu dugu.

Gainera, saio hasieran taldeko bi entrenatzaileei omenaldi hunkigarri eta polita egin zieten igerilariek, bien azken urtea izanik, orain arte klubean izandako ibilbidea zoriondu eta eskertza eginez. Igerilari gazteek eskainitako hitzez gain, oroigarri txapela eta opari bana jaso zuten eta gaur egun klubeko partaide diren Miren Bardaji eta June Apeztegiak agurra dantzatu zieten. Oso pozik eta eskertuta daude biak; mila esker denoi!

13 PROBATAN ZEHAR IGERILARI MORDOA IZAN GENUEN
Aurten arratsaldeko jardunaldia bakarrik izan dugunez, igerilari guztiak elkarrekin izan ditugu; Benjamin kategoriako haurrek proba batean parte hartu zuten eta gainontzekoek berriz, gehienez bi proba izan zituzten aukeran. Benjamin A kategoriakoek, 50 metroko proba batean hartu zuten parte eta Benjamin B kategoriakoek berriz, 100 metroko proba batean. Gainontzekoek proba egitaraueko edozein probatan parte hartu zezaketen. Gure taldetik 42 igerilari izan genituen, gehiengo handi baten azken lehiaketa izanik, haien onena ematen ikusi genituelarik. 

SARI BANAKETA
Proba guztien ondoren, sari banaketa izan zen; 2015-2011 urte bitarte jaiotakoek, urte bakoitzeko lehen hiru sailkatuek urrezko, zilarrezko edo brontzezko domina jaso zuten eta beste guztiei ere oroigarri gisa domina bana banatu zitzaien. Horrez gain goxoki poltsa bat eta Lasarte-Oriako Udalak lagunduta “Tratu On Bat” motxila jaso zuen bakoitzak. Guztiak ondo merezitako dominarekin eta oroigarri zein opariekin pozik atera ziren!

Infantil kategorian berriz, jaiotze urte bakoitzeko lehen hiru sailkatuez gain, 4.postutik 8. postura sailkatutakoek brontzezko oroigarri domina bana jaso zuten eta hauek ere, bakoitza goxoki poltsa eta Lasarte-Oriako Udalak emandako "Tratu On Bat" zakuarekin etxeratu zen. Junior Kategorian berbera egin zen, baina jaiotze urteak kontuan hartu gabe, hau da, 2008, 2007 eta 2006an jaiotako guztien artean sailkapen bateratu bat egin zen eta lehen 8ak jaso zituzten sariak.

Azkenik, XXXIII. Lasarte-Oria Sariko sailkapen orokorrari begira, finaletako FINA eta MULTIDISABILITY puntuen araberako sailkapenaren arabera, lehen bost sailkatuek haien saria jasotzen zuten eta aurtengo kasuan, denak taldeko igerilariak izan ziren. Benetan albiste pozgarria! Hala, Garazi Etxeberria XXXIII. Lasarte-Oria Sariko garaile izan zen eta podiuma taldeko Miren Sarobe, Iker Gorostegui, Iñaki García eta Oihan Matuterekin elkarbanatu zuen. Bakoitzak merezitako sariak etxeratu zituen eta pozik amaitu zuten eguna denek, lortutako “ijitu-besoa” jateko gogoz! Zorionak denoi!

AUSTRALIARRA
Jarraian, azken urteetako ohiturari jarraituz "Australiar" proba egin genuen, jaiotze urte bakoitzeko txanda bat eginez. Igerilari guztiek gogoz hartzen duten ekintza da eta denak gustura geratu izana espero dugu; txanda bakoitzeko azken bi finalistek ere opari txiki bana jaso zuten, haien doaiak erakustearen sari gisa.

GURE IGERILARIAK BIKAIN
Gure igerilari guztien emaitzak ikusita, oso pozik gaude lortutako lorpenekin. Denen artean eskuratutako lorpenak zenbaezinak dira; marka pertsonal ugari, domina mordoa, taldeko errekor bat eta lehiaketa ezberdinetarako gutxieneko berriak daudelarik.

ESKERRAK
Bukatzeko, XXXIII. Lasarte-Oria Saria aurrera eramateko jaso dugun laguntzagatik eskerrak eman nahi genituzke. Lasarte-Oriako Udalaren eskutik, “Tratu On Bat” patrozinioa jaso dugu eta ezinbestekoa izan da sari hau antolatzeako eragindako gastu ezberdinei aurre egiteko. Eskerrik asko!

Honez gain, txapelketa aurrera eramateko izan ziren 12 bolondresei ere gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu, haiek gabe ezinezkoa izango litzake-eta! Ane Etxebeste, Aitor Barcina, Jose Antonio Rey, Aitziber Berasategi, Arkaitz Erro, Kepa Etxeberria, Maite Merkader, Aitziber Martiarena, Igor Amantegi, Nora Amantegi, Ainhoa Cencillo eta Borja Apeztegia, mila esker denoi!

Eta nola ez, bertaratu ziren talde guztiei; espero dugu zuek guk bezainbeste gozatu izana. Beste bat arte!

HURRENGO ZITAK
Alebin eta infantil batzuk Gipuzkoako, Euskal Herriko zein Estatu mailako Txapelketak lehiatzeko entrenatzen jarraitu behar duten arren, gainontzeko haur eta gazte guztiek jada amaitu dute denboraldia.

Asteburu honetan, alebin eta Infantilek Tolosan Adinen arteko eta Infantil mailako Gipuzkoako Udako Txapelketa jokatuko dute goiz eta arratsaldeko jardunaldietan; beraz, lanean jarraitzen dute azken txanpa ahalik eta ondoen bukatzeko.

Aupa Ekipo! Burunpower!!

Emaitzak eta argazki albumak Web orrian ikus ditzakezue



Iruzkinak