Final bat, zortzi marka pertsonal, taldeko zazpi errekor berri eta esperientzia politarekin itzuli dira infantilak Sabadell-etik
Pasa den astean, uztailaren 18tik 22ra bitarte, Infantil Mailako Udako Espainiako Txapelketa ospatu da Sabadell-en eta bertan lehiatzen izan ditugu Ibon Elola, Mario Amantegi, Iñaki García eta Oihan Matute. Laukoteak 4x200 libre erreleboa izan zuen ostiral arratsaldean, Oihan Matute lehen egunean 400 librean lehiatu zen eta Iñakik berriz, bost proba izan zituen: 50, 100 eta 200 libre probak eta bizkar erako 50 eta 100 metroak.
Lehiatzen lehena Oihan Matute izan zen, ostegun goizean; lehen esperientziako urduritasunak eragina izan zuen harengan, berehala nekatuta sentituz ez baitzuen oso gustura bukatu proba; hala ere, guztuz ulertzekoa da egoera eta klubetik pozik daude emaitzarekin, maila honetako lehiaketa batean parte hartzea jada izugarrizko lorpena baita. Zorionak Oihan!
Pixka bat beranduago, Iñaki Garcia izan genuen, 50 librean parte hartzen. Goizeko 25.04 denborarekin marka pertsonala egiteaz gain, 10. sailkatuta arratsaldeko finaleko txartela lortu zuen eta bertan, 24.83an geratu zuen kronoa, 9. postuan bukatuz. Gainera, taldeko 15 urteko errekorra ezarri zuen.
Ostiral goizean Iñakik libre erako 100 metroko proba izan zuen eta 55.02 denbora eginda, marka pertsonala, berriro ere 15 urteko taldeko errekorra eta 14. postua eskuratu zituen. Arratsaldean berriz, laukotearen txanda izan zen, 4x200 libre errelebuan. Familiak emandako babesak, taldeko proba izatean eta haien seriearen osaerak izugarrizko emozioa eman zion probari eta postuetan aldaketa asko eman ondoren, azkenean segudu baten bueltan haien serieko hirugarren opstuan amaitu zuten. Lasterketa oso txukuna egin zuten kronoa 8:26.72 denboran geratuz eta taldeko infantil zein absolutu mailako errekorra ezarri zuten, 12. postuan bukatuz. Oihan izan zen lehen postan bota zena eta 2:07.27 denborarekin marka pertsonal berria ezarri zuen, aurreko eguneko zapore gazi-gozoari buelta emanez. Aupa mutilak, lan oso ona!
Mario, Ibon eta Oihanek haien lanak amaituta, larunbat goizean Iñakik bi proba izan zituen: 200 libre eta 100 bizkar. Lehen proba horretan aurreko egunean erreleboan egindako lana errepikatzen saiatu bazen ere, azkarregi hastearen ondorioz, zaila egin zitzaion proba modu onean amaitzea eta azkenean 2:04.17 egin zuen, bere marka hobetzeko aukerarik gabe. Hala ere, bigarren proban egoerari buelta ematea lortu zuen, lan oso txukuna eginda eta kronometroa 1:03.31-n geratuz haren aurreko marka segundu eta erdian jetsita marka pertsonala egin eta 15. postua eskuratu zuen (aurretik zeukan 33. postutik asko jeitsita), taldeko 15 urteko eta absolutu mailako errekorrak ezarriz.
Txapelketari amaiera emateko, bizkar erako 50 metroko proba izan zuen eta hemen ere marka pertsonala egin zuen, taldeko 15 urteko errekor berria 29.77an utziz eta 26. postuan amaitu zuen.
Esperientzia oso polita izan da laukotearentzat, halako txapelketa bat elkarbanatzeak balio handia ematen baitio bizitakoari. Lorpenak, garaipenak, urduritasunak edo tristurak lagunekin batera bizitzea oso ezberdina da eta taldetik uste dugu urte askoan gogoratzeko zerbait izango dela. Gainera, halako txapelketa batean egoten den maila altua ezagutzeko aukera izan dute denek eta hori ere oso baliotsua da. Orain atseden hartu eta ondo merezitako opor hauek gozatzeko unea iritsi zaie denei, hurrengo urterako indarrak hartu eta berriro ere gogotsu hasteko!
Zorionak egindako denboraldi eta txapelketagatik laukote!
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina