Pasa den asteburuan Gipuzkoako Junior eta absolutuen Txapelketa ospatu zen Tolosako Usabal Kiroldegian. Bertan gure taldeko Miren Sarobe, Mayi Gorostegi, Oihan Matute, Ibón Elola eta Kimetz de la Cruzek hartu zuten parte.
Marka hobekuntza hauek lortu zituzten gure igerilariek:
- Miren Sarobe 50 Libre
- Oihan Matute 50, 100 eta 200 bular
- Ibon Elola 50 eta 100 libre, 100 bizkar
- Kimetz de la Cruz 100 eta 200 bizkar, 100 libre
Larunbat goiza Mirenenen 100 lau estiloetako probarekin hasi genuen, bere denbora onenertik gertu geratu zen. Ondoren Kimetzi eta Mayiri tamalez, ez zitzaien oso ondo atera. Hala ere, 100 libreko proban Kimetzek eta Ibonek marka pertsonalak egin zituzten. Goiza bukatzeko Oihanek 50 bular oso on bat egin zuen igeri.
Larunbat arratsaldean, Oihanen 200 bular probarekin hasi genuen. Sekulako pena hartu genuen Espainiako gutxienekotik 0,4ra geratzen ikusita. Hala ere, izugarrizko denbora egin zuen kronoa 2:30,04an geratuz eta marka horrekin junior mailako urrea eta absolutu mailako zilarra eskuratuz. Horretaz gain, marka horrekin Oihanek taldeko 16 urteko eta absolutu mailako errekor berriak ere ezarri zituen. Saioa amaitzeko Kimetzek, Ibonek eta Mayik 100 bizkar nahiko on bat egin zuten igeri.
Igande goizean Ibonek eta Mirenek euren marka pertsonalak hautsi zituzten 50 libre proban. Ibonek eta Kimetzek 200 bizkar egoki bat egin zuten igeri. proba honetan Ibonek 16 urteko taldeko errekor berri bat ezarri zuen kronoa 2:17,17an geratuz. Bukatzeko, Oihanek lau estiloetako 200 metroak eta 100 bular proba egin zituen igeri ausardia osoz. Lau estiloetako proban 16 urteko errekor berri bat ezarri zuen Oihanek 2:16,54 markarekin.
Denboradi osoa daramagu jo eta ke lanean. Momentu honetan urte osoko emaitzak ikusteak sekulako poza sortzen digu. Daramagun bide pertsonala handia da, denboraldi hontan bizipen eta ikaskuntza ugari bizi izan baititugu. Azken lehiaketarako irrikitan gaude, Euskal Herriko Junior eta Absolutu Txapelketa Gasteizko Mendizorrotza igerilekuan izango da. Ziur gaude sekulako gozamena izango dela.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina