GIF 1 SARIA

ESPAINIAKO GUTXIENEKO BERRI BAT, 21 MARKA PERTSONAL eta TALDEKO 10 ERREKOR BERRI Paco Yoldin Ospatutako GIF 1 Sarian

  • Itsaso Tolosak 200 bizkar frogako Openerako gutxienekoa lortu zuen (2'26''73) eta 50 eta 100 bizkar frogetan 6 eta 2 ehunekotara geratu zen buruz buru.
  • Parte hartu zuten 12 taldekidetatik 11ak finaletan egotea lortu zuten.


Pasa den larunbatean errendimendu ibilbideko infantil, junior eta absolutuak Donostiako Paco Yoldi igerilekuan izan ziren GIF 1 Sarian parte hartzen. Kanporaketa eta finaletan banatu zen sari hontan emaitza bikainak lortu zituzten gure igerilariek.

Guztira 12 taldekide izan ziren txapelketan parte hartzen eta guztien artean 21 marka pertsonal eta taldeko 10 errekor berri ezartzea lortu zuten.

Itsaso Tolosa berriro ere bide onetik

Emaitzetatik kanpo, eta hauek oso onak izan baziren ere, Itsaso Tolosaren txapelketa izan zen eguneko albisterik pozgarriena. Izan ere, bi urteko lehortearen ondoren, Itsaso berriro ere bere marka onenetan ibili zen 50, 100 eta 200 bizkar frogetan. 2012ko otsailaren 25ean 2'25''95 eginez Espainiako Gazteen Txapelketan brontzea lortu zuenetik, Itsaso bere estiloetako markak hobetu ezinik eta Espainiako gutxienekoak egin ezinik ibili da. 

Larunbateko txapelketan, bi mamuak kolpetik uxatu zituen. 200 bizkar frogan 2'26''73 egin zuen Espainiako Open Txapelketarako gutxienekoa lortuz eta bere marka onenetik gertu ibiliz. Horretaz gain, 50 eta 100 bizkar frogetan bere markak nabarmen hobetu zituen. Lehenengoan 32''06 egin zuen eta bigarrenean 1'08''02. Bi froga hauetan, Openenrako gutxienekoetatik 6 eta 2 ehunekotara geratu zen buruz buru. Bizkar estiloko frogez gain, 100 libre frogan ere marka pertsonala egin zuen Itsasok 1'05''33an kronoa geldituz.

Benetan pozgarria eta lasaigarria izan zen hau Itsasorentzat. Bide onetik ari garela erakutsi zigun. Horretaz gain, hemendik, bihotzez zoriondu nahiko genuke, orain arteko bi urte luze hauetan, bere gorabeherekin eta ixil ixilik inurri lana eginez, ilusioa eta gogoa mantentzeko gai izan delako eta lanean jarraitu duelako beste batek amore emango lukeen egoeran. Erori ondoren zutitzen jakitearen inguruko lekzio ederra eman digu eta hemendik aurrera ere bide horretatik jarraitzea espero dugu, emaitza on edo kaxkarrekin, baina beti ere igeriketaz eta talde giroaz gozatuz. Aupa Itsaso!! 

Mikel Esnal ere bikain

Itsasoren egoera bezain zaila ez, baina beti bera bezain gogotsu eta langile ibili den Mikel Esnalek ere abiada hartua du. Sari hontan 100 libre frogan berriro ere bere marka pertsonala bitan hautsi zuen, bere puntu ahula den tentsio eta urduritasuna inoiz baino hobeto kontrolatuz eta benetan froga ederra eginez. Mikelek 100 libreko bere marka pertsonala 54''19an utzi zuen. Horretaz gain, 50 bizkar frogan ere marka pertsonala lortu zuen 29''09 eginez eta taldeko errekor absolutu berria ezarriz.

Haitz Mitxelenak, Naiara Lizasok eta Garazi Alkortak zorterik ez

Neguko zikloa amaitzeko zorian gauden hontan, bi igerilari hauek forma egoera aprobetxatu eta Espainiako gutxienekoak egiteko saiakera egin zuten. Haitzek 100 eta 200 tximeletan froga ederrak egin zituen, lehenengoan bere marka onenetik 2 ehunekotara 1'00''26 eginez eta bigarrenean 2'14''91 eginez. Gutxienekoa egiteko nahikoa ez baina txukun eta gogotsu aritu zen Haitz.

Naiara Lizasok ere helburu berberak zituen 100 libre frogan. Naiarak berriro ere bere marka pertsonala hobetzea lortu zuen eta 1'03''68an utzi zuen kronoa. Hala ere gutxienekotik 68 ehunekotara geratu zen. Udarako Txapelketarako gutxieneko hauek egiteko gai izango dela ziur gaude, beraz, animo! Igeri egindako bigrren frogan, 400 libren, Naiara ikaragarri ibili zen. Froga hontan ere marka pertsonala egin zuen Naiarak sekulako 5'03''12a eginez.

Garazi Alkorta 100 libre eta 100 tximeleta frogetan aritu zen baina ez batean ez bestean, ez zuen bere markak hobetzerik izan.

Hirurek ere, txapelketa honekin neguko zikloa amaitu dute eta beraz, jada udako zikloan sartuta, helburuak lortzeko lanean jarraitzeko momentua izango da orain.

Iñigo Ibarburu Open-a prestatzen

Iñigok gutxienekoak badituenez, Junior mailako Espainiako txapelketatik Openera bitarteko asteak azken txapelketa hontan ahalik eta ondoen egoteko lanean ari da. Hori dela eta zaila du momentu hontan marka pertsonalak egitea eta txapelketa hau berarentzat entrenamendu bat izan da. Hala ere, 50 bizkar frogan marka pertsonala egiteko gai izan zen Iñigo, kronoa 29''59an geratuz. Iñigo, Itsasorekin batera, Palma de Mallorcan izango da apirilaren 10etik 13ra bitartean Espainiako Absolutu mailako Open Txapelketan parte hartzen.

Infantilak

Infantil mailan Nahia Jie Villamediana, Nora Irazusta, Janire Berasarte, Beñat Alkorta eta Jon Ibargoyen aritu ziren.

Infantilak jada udako zikloan sartuta daude eta txapelketa hau euren prestakuntzako parte bezela hartu dugu. Guztiak gogotsu eta txukun aritu ziren eta bostetik lauk arratsaldeko finaletan egotea lortu zuten.
Marka pertsonalak egitea ere lortu zuten batzuentzat igerileku luzean lehen aldiz lehitzen ziren aldia zen hontan.
Nahia Jie-k 100 libren eta 50 bular frogan marka pertsonalak egin zituen, lehenengoan 1'11''78 eginez eta bigarrenean 43''72 egitea lortuz. Norak ere 100 libreko marka hobetu zuen (1'15''77) eta baita 50 bizkar frogakoa ere (37''46). Janirek egindako hiru frogetan egin zituen marka pertsonalak: 100 libren 1'09''28, 50 bular-en 41''99 eta 400 libren 5'19''51 aurreko marka 10 segundutan hobetuz.
Mutiletan, Beñat-ek 100 libre (1'11''59) eta 50 bular frogetako markak hobetu zituen, azken hontan 42''19 eginez eta Jon Ibargoyen-ek 100 libre eta 400 libreko marka pertsonalak egin zituen (1'07''90 eta 5'28''92).

Zorionak guztioi!!




Iruzkinak