Pasa den asteburuan Tolosako Usabalen izan dira gure taldekideak, Gipuzkoako Kluben Arteko Kopan lehian. Emaitza onak lortu dituzte gureek, zenbait marka hobetzea lortu dute eta baita taldeko zenbait errekor haustea ere. Horretaz gain, B kopan, emakumezkoak hirugarren izan ziren sailkapenean, gizonezkoak laugarren eta orotara, sailkapen bateratuan, hirugarren izan zen gure taldea.
Urteko zita politenetakoa izan ohi da Kluben Kopa, inork galdu nahi ez duen hitzordu horietako bat. Aurtengoan ezin izan dugu nahi bezala proba programa osoa bete eta horretaz gain gaixoaldiak eta bestelako egoerak gure artean ditugularik, hasieratik gure burua B koparako aurkeztu genuen, bertan lehiakortasuna handiagoa izango zelako guretzat eta gure igerilarientzat ere erakargarriagoa izango zelako. Zentzu horretan asteburu polita izan da, saioz saio sailkapena aldatzen zen, lehen hiruzpalau postuetan aurrera-atzera mugimenduak ematen zirelarik.
Gure taldeko partehartzaileak honakoak izan ziren: Haitz Mitxelena, Unai G. Somovilla, Aimar Sukunza, Eneko Elizasu, Iker Gandia, Iker Gorostegui, Jurgi Sukunza, Aintzane Sarobe, Nora Imaz, Garazi Etxeberria, June Lopez, Saioa Elola, Izaro Audikana, Miren Sarobe eta Alba Escribano. Ikaragarri poztu ginen berriro ere June Lopez taldekideen artean lehian ikusteaz. Denboraldi bat igeriketatik eta lehiaketatik kanpo pasa behar izan duen arren, pixkanaka erritmoa hartzen joan da eta burututako bi probatan eta errelebuan bere marka onenetan aritzeko gai izan zen gainera. Zorionak June! Animo!
Gureek ederki gozatu ahal izan zuten eta hori asko nabaritu zen taldekideen giroan eta nork bere proban jarritako esfortzu guztian. Aipatzekoak izan ziren errelebuetako probak. Bai emakumezkoetan eta baita gizonezkoetan ere proba programako errelebu guztiei aurre egin behar izan genien eta oso lehiatuak izan ziren guztiak, azken metrora arte amore eman gabe lehiatu behar diren horietakoak.
Emaitzei dagokionez, orokorrean 39 marka pertsonal hobetu zituzten lehian aritu ziren 15 igerilarien artean eta taldeko 5 errekor berritzea ere lortu zuten. Zenbait igerilari ere Euskal Herriko gutxienekoetara asko gerturatu ziren eta Gipuzkoako Txapelketan gutxieneko horien bila joan daitezkeela ikusi ahal izan zuten, hasera batean ezingo zutela uste bazuten ere. Egoera horretan daude adibidez Iker Gorostegui eta Alba Escribano gaztetxoak.
Marka hobekuntza guztiak aipatzea luze izan daiteke baina Nora Imazek lortutako taldeko 17 urteko lau errekor berriei bai erreparatu nahi diegu, azken aldian izan ditugun lehenak dira eta. Norak 200 lau estiloetako errekor berria 2:31, 31n utzi zuen, 800 librekoa 9:36,15ean, 400 librekoa 4:37,15ean eta 200 librekoa 2:12,68an. Taldeko errekorren hobekuntzarekin jarraituz, Haitz Mitxelenak master 25-29 kategoriako taldeko errekor berria ezarri zuen baita ere, kasu honetan 200 lau estiloetan 2:27,43 marka ezarriz.
Haitz Mitxelenari ere aipamen berezi bat egin behar diogu. Taldearekin entrenatzen duen arren, bere entrenamendu erritmoa baxuagoa da jada, baina sekulako eredua izan zen lehiaketa osoan zehar, bai burutu zituen probengatik eta lortutako emaitzengatik eta baita taldea laguntzeko izan zuen borondateagatik, zalantzarik gabe BRPWR zigilua duen horietako bat da Haitz.
B kopako sailkapenak honela geratu ziren:
Gizonezkoetan
1. Eibar Igerixan 614,00
2. Aloña Mendi K.E. 506,00
3. Zarautz Balea I.K. 506,00
4. Buruntzaldea Ikt 442,00
5. C.N. Legazpi 127,00
6. C.N. Izarraitz 51,00
Emakumezkoetan
1. Eibar Igerixan 606,00
2. Aloña Mendi K.E. 532,00
3. Buruntzaldea Ikt 523,00
4. C.N. Easo 466,00
5. Zarautz Balea I.K. 330,00
6. C.N. Legazpi 71,00
Bateratuan
1. Eibar Igerixan 1.220,00
2. Aloña Mendi K.E. 1.038,00
3. Buruntzaldea Ikt 965,00
4. Zarautz Balea I.K. 836,00
5. C.N. Easo 466,00
6. C.N. Legazpi 198,00
7. C.N. Izarraitz 51,00
Zorionak talde osoari!! Segi horrela!! BRNPWR!
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina