Zilar bat eta 3 marka pertsonal Andoaingo Gipuzkoako Neguko XII. Sarian

Larunbatean Gipuzkoako Neguko XII. Saria ospatu zen Andoaingo Allurralden. Gipuzkoa osotik etorritako igerilariak aritu ziren, gutxienekorik gabeko Gipuzkoako Neguko lehiaketa honetan. Kolore polita hartu zuen igerilekuak eta giroa bikaina izan zen. Guztira 11 talde aritu ziren lehian eta gutxi gora-behera 140 igerilari bertaratu ziren.

Gure taldetik bi igerilari aritu ziren eta podiumean egoterik ere lortu genuen. Bi igerilari hauek Irati Etxeberria eta Mayi Gorostegui izan ziren. Irati 100 bular proban eta 50 librean lehiatu zen eta lehen proban deskalifikatua izan bazen ere, estilo libreko 50ekoan bere marka hautsi, eta 33,81ekin podiumeko bigarren kaxara igotzea lortu zuen, proba honetan zilarra eskuratuz. Mayi aldiz lau estiloetako 100 metrokoan eta estilo libreko 50ekoan lehiatu zen. Bietan markak haustea lortu zuen Mayik, lau estiloetako marka pertsonal berria 1:33,35ean ezarriz eta 50 librekoa 34,87an. Azken proba honetan Mayi laugarren izan zen.

Beste behin ere, eskerrik beroenak eman behar dizkiegu lehiaketa aurrera eramaten lagundu zuten bolondresei, eurak gabe hau guztia aurrera eramatea ezinezkoa litzateke eta. Mila esker Gurutz Irigoras, Maialen Casado, Kepa Etxeberria eta Mikel Esnal eta nola ez, Zarautz Balea taldetik aritu ziren 3 bolondresei ere!



Iruzkinak