12 marka pertsonal eta Euskal Herriko Udarako Txapelketarako 3 gutxieneko


Pasa den larunbat arratsaldean, 16:00tatik aurrera Gipuzkoako trofeoen B zirkuituko bigarren jardunaldiko Ordizia Sarian izan genituen lehian Izaro Audikana, Saioa Elola, Alba Escribano, Iker Gorostegui, June Lopez eta Jurgi Sukunza taldekideak. Denboraldiaren amaiera gerturatzen ari den honetan, marka hobekuntzak eta helburuen lorpenak iristen ari direla ikusten gabiltza eta honek poz handia ematen digu denoi!

Parte hartzaile guztien artean 12 marka pertsonal lortu zituzten eta haietako hiruk, baita Udako Euskal Herriko Txapelketan parte hartzeko gutxienekoak ere. Hona hemen marka pertsonalen zerrenda:

- Alba Escribanok 100 librekoa (1:09,79).
- Jurgi Sukunzak 100 bizkarrekoa (1:11,36).
- Izaro Audikanak 50 bular (38,94), 200 lau estiloak (2:39,55) eta 50 tximeletakoa (35,96).
- Saioa Elolak 50 libre (30,49), 200 lau estiloak (2:51,22) eta 50 tximeletakoa (35,95).
- Iker Gorosteguik 50 tximeleta (30,49) eta 200 librekoa (2:09,59).
- June Lopezek 50 libre (29,87) eta 200 bizkarrekoa (2:34,46)

Esan bezala, marka hobekuntzez gain, hiru igerilarik Euskal Herriko Txapelketetarako gutxienekoak eskuratu zituzten. Infantilen aldetik, Iker Gorosteguik uztailaren 9 eta 10ean Galdakaon ospatuko den Infantilen Euskal Herriko Txapelketetarako laugarren txartela lortu zuen 200 librean egindako denbora ederrarekin. Junior mailan berriz, June Lopezek 50 libre proban lortu zuen gutxienekoa eta Izaro Audikanak berriz, 200 lau estiloetako proban, aurreko marka 7 segundutan hobetua; bi hauek, taldeko beste igerilari batzuekin batera, Tolosan lehiatuko dira Junior eta Absolutuen Euskal Herriko Udako Txapelketan, uztailaren 2an eta 3an.

Amaitzeko, igerilarik guztiak zoriontzea besterik ez da geratzen. Gogoz aritu ziren denak eta eguneroko entrenamenduetan egindako lanaren emaitzak iristen ari direla ikusita, geratzen den azken txanpa honetan horrela jarraitzeko animoak bidaltzen dizkiegu denei! Asteburu honetan Andoainen Gipuzkoako Udako Sarian izango ditugu batzuk eta besteak Donostiako Paco Yoldi igerilekuan V. Gipuzkoako Open Sarian parte hartzen.

Zorionak denoi!!



📬 Harpidetu zaitez gure albisteak emailez zure postontzian jasotzeko


Iruzkinak