GIRO EDERRA LASARTEKO XXXI. SARIKO BI JARDUNALDIETAN

Pasa den asteburuan gure taldearen festa izaten den Lasarteko XXXI. Saria ospatu genuen Maialen Chourraut igerilekuan, larunbat arratsalde eta igande goizez. Larunbatean taldeko txikienak izan genituen denboraldiko haien azken txapelketan lehian eta igandean berriz, alebin, infantil, junior eta absolutuak.

Aurtengo berrikuntza lehiaketa bi jardunaldi ezberdinetan banatzea izan da: esan bezala, taldeko txikitxoenak, Bengamin A eta B kategorietako igerilariak, larunbateko arratsaldeko 16:00tatik aurrera lehiatu ziren eta gainontzekoak, igande goizeko 10:00tan hasi zen jardunaldian.

Santiago Perez Hernani Igeriketa taldetik eta Garazi Etxeberria Buruntzaldea IKT taldetik izan ziren Lasarteko XXXI. Sariko Txapeldunak eta Artea Aholkularitzak eta Hernaniko Aralar Tabernak banaturiko Txapela janztea lortu zuten.



TXIKITXOENEK LARUNBATEAN AMAITU ZUTEN

Larunbateko saioan A kategoriako haurrek estilo bakoitzeko 50 metroko proba batean edo 100 lau estiloetako proban parte hartu zuten eta B kategoriakoek berriz, estilo bakoitzeko 100 metrokoan edo 200 lau estiloetako proban. Gure taldetik 16 haur izan genituen eta hauez gain, Ordizia K.E.-koak eta Hernani K. E.-koak ere izan ziren lehian. Denek, 2011 urtean jaiotako neska batzuk izan ezik, azken txapelketa zuten eta haien onena emanda amaitu zuten denboraldia.

Honen ondoren, sari banaketa izan zen; proba bakoitzeko eta adin tarte bakoitzeko bai lehen hiru mutilek eta baita lehen hiru neskek ere urrezko, zilarreko edo brontzezko domina jaso zuten eta lehen hiru postuetan geratu ez ziren beste guztiei ere oroigarri gisa domina bana banatu zitzaien. Guztiak ondo merezitako dominarekin pozik atera ziren!

Jarraian, azken urteetako ohiturari jarraituz "Australiar" proba ere egin genuen, non igerilekuko kortxerak kenduta, zabalean igeri egiten den eta, kanporaketa moduan, azkenean bakarra geratzen den. Aurten igerian egiteaz gain, tablarekin hankak bakarrik erabiltzen egin zituzten hainbat txanda eta igerilariak kanporatuak izanda ere uretatik aurpegian irribarrea marraztuta irteten zirela ikusita, gustuko dutela uste dugu. Kanporatu ahala, bakoitzak oparitxo bat jaso zuen eta momentu polita pasa zuten denek!


Saioari amaiera emateko, aurten beste berrikuntza bat gehitu genuen: igerilari guztiak entrenatzaileen aurka lehiatu ziren errelebu erraldoi batean. Hernani Kirol E.-ko Jon Ander, Ordizia K.E.-ko Xabi eta Buruntzaldea IKT.ko Lide eta Itsaso entrenatzaileak talde bat sortu zuten eta txikien artean 40 igerilari inguru bildu ziren haien entrenatzaileei irabazteko asmotan; eta azkenean, baita lortu ere! Aupa gure txikiak!

Hau bukatuta, koltxoneta eta material ezberdinekin jolasteko aukera txiki bat izan zuten, gurasoek tabernan pintxoak eskuragarri zituzten bitartean eta honela eman genion amaiera larunbateko saioari.

IGANDEAN IGERILARI MORDOA GUREAN


Igande goizean 10:00tan hasita, alebin, infantil, junior eta absolutuen txanda izan zen, non estilo bakoitzeko 100 metroko probez gain, 200 eta 400 lau estiloetako probak eta 400 libre probak izan zituzten aukeran. Bakoitzak, gehienez ere hauetako bi probatan parte hartu zuen eta gure igerilarien emaitzak ikusita, pozik gaude lortutako emaitzekin. Gainera, alebinek taldeko helduenak lehian ikusteko aukera izan zuten eta hau ere haientzat erakargarria izan zela uste dugu. Gure taldeaz gain, Iruñako Amaya, Zarautz Balea, Hernani KE, Ordizia eta Fortuna izan genituen, denon artean giro bikaina sortuz.


Lehiaketa hasi aurretik, Erketz taldeko dantzari txikiak etorri ziren jardunaldiari hasiera emateko eta erakustaldi txukuna bezain polita egin ziguten bai igerilari eta baita ikusleei. Mila esker igerilekuan dantza egitera animatzeagatik! Aupa Erketz!
    

Sari banaketari begira, C kategorian, sexu bakoitzeko lehen hiru sailkatuek domina jaso zuten proba bakoitzean eta D eta E kategoriatan ere sexu bakoitzeko lehen hiru sailkatuek domina jaso zuten, baina FINA puntuen araberako sailkapenaren arabera. Honez gain, proba guztiak kontuan hartuz FINA puntuazio onenak lortuta, sexu bakoitzeko XXXI. Lasarte Sariko txapeldunak atera ziren; hala, Hernani Kirol E.-ko Santiago Perez eta Buruntzaldea IKT-ko Garazi Etxeberria txapel banarekin itzuli ziren etxera. Zorionak bioi!

ESKERRAK

Bukatzeko, Lasarteko XXXI. Saria aurrera eramateko jaso dugun laguntzagatik eskerrak eman nahi genituzke. Gastu ezberdinei aurre egiteko crowdfunding kanpaina bat abiatu genuen maiatzaren amaiera aldera eta oso pozik gaude jasotako emaitzarekin. 

Ana Borrezo Alvarez, Jokin Esnal Artola, Hernaniko Aralar Taberna, Naiara Lizaso, Nico, Markel Alberdi Sarobe, Liher eta Emaitz Albizu, Artea Aholkularitza Sl, Jose Bochar, Izaskun Ezeiza, Solange, Maria, Jacqueline Bochar, Alexandra Bochar, Miren Larrañaga, Kevin Iglesias, Borja Apeztegia, Haitz Mitxelena, Naroa Goikoetxea, Asier Lopez De Arregi, Asier Gorostegi eta Maria Granado Arrieta mila esker bihotz-bihotzez zuen ekarpenagatik!

Bestetik, nola ez, eskerrak baita ere Lasarteko Sarian zein denboraldiko gainontzeko jardunaldietan zehar bolondres gisa laguntzen aritu zareten guztioi. Zuek gabe ezinezkoa litzateke!

HURRENGO ZITAK

Alebin, infantil, junior eta absolutu batzuk Gipuzkoako, Euskal Herriko zein Estatu mailako Txapelketak lehiatzeko entrenatzen jarraitu behar duten arren, gainontzeko haur guztiek jada saio hauekin amaitu dute denboraldia.

Asteburu honetan, gutxienekoak dituzten alebinek, Ordiziako Majori igerilekuan Alebin mailako Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute larunbat arratsalde eta igande goiz eta arratsaldez; beraz, lanean jarraitzen dute azken txanpa ahalik eta ondoen bukatzeko.

Aupa Ekipo! Burunpower!!


📬 Harpidetu zaitez gure albisteak emailez zure postontzian jasotzeko


Iruzkinak