Maila bikaina eman dute gureek junior eta absolutu mailako Euskal Herrikoan

7 URRE, 3 ZILAR eta BRONTZE BAT eta TALDEKO ERREKOR BERRI BAT Tolosan ospatutako junior eta absolutu mailako Euskal Herrikoan

Pasa den asteburuan, taldeko junior eta absolutuak euren Euskal Herriko Txapelketan izan ziren, eta baita sailkatzea lortu zuten bi infantil ere. Hala, junior mailan Nora Imaz, Garazi Etxeberria, June Lopez eta Izaro Audikana izan ditugu eta absolutu mailan baina infantilak izanik, Miren Sarobe eta Iker Gorostegui; guztira 6 igerilari.


Junior mailan zaharrena Nora Imaz izan dugu eta estilo libreko 1500, 800, 200 eta 400 metroko probetan hartu du parte. Aurreko asteburuan lehen hiru probetan parte hartu eta marka pertsonalak egin ondoren, berriro ere antzeko denboretan aritu da Nora, maila ona erakutsiz. 400 metrokoan berriz, 4:31,54 markarekin, marka pertsonala ezartzeaz gain, taldeko 17 urteko errekor berria ezarri zuen.

Garazi Etxeberriak estilo libreko 50, 100 eta 200 metroko probak eta lau estiloetako 200 metrokoan hartu zuen parte eta azken honetan ehuneko gutxi batzuk onduta, marka pertsonala egitea lortu zuen (2:32,03). Esan beharra dago Garaziren txapelketa nagusia uztailaren 21etik 23ra Sabadell-en ospatuko den Espainiako txapelketa dela; beraz, oraindik baduela denbora bere markak hobetzeko. 

June Lopez berriz, bizkar erako 50, 100 eta 200 metroetan lehiatu zen; lehen bietan bere denboretan aritu zen eta proba luzeenean bere marka ondu zuen, 2:32,47 eginda. 

Azkenik, Izaro Audikana izan genuen igande goiz eta arratsaldean lehian; 200 librean eta lau estiloetako 200 metrokoan egin zuen igeri. Oraingoan ez zuen marka pertsonalik egitea lortu baina pozik dago denboraldian zehar egindakoarekin.

Infantilei dagokionez, esan bezala, maila absolutuan lehiatzen zuten baina hala ere, maila oso ona eman dutela esan beharra daukagu. Miren Sarobe 50, 100 eta 200 librean lehiatu zen eta lehen bietan bere marka onenetan aritu ondoren, azken proban, aurreko astean ezarritako marka pertsonala berriro ere hobetzea lortu zuen 2:15,93 denbora eginez. Iker Gorosteguik berriz estilo libreko 200 metrokoan bakarrik lortu zuen gutxienekoa eta oinean min hartuta igeri egin bazuen ere, bere aurreko denbora berdintzea lortu zuen.

Dominei dagokienez, denak Nora Imaz eta Garazi Etxeberriaren partetik etorri ziren. Garazik junior mailan lortu zituen hiru domina: 50 eta 100 librean urreak eta 200 lau estiloetan berriz zilarra. Nora garaile izan zen junior mailan igeri egindako lau probatan, Norak junior mailako urrezko lau domina ekarri zituen etxera eta absolutu mailan brontzezko domina lortu zuen 200 librean, zilarrezkoa 1500 eta 400 librean eta beste urrezko domina bat 800 librean, guztira zortzi. Nora bera, probetan zehar lortutako puntuazioaren baitan, emakumezkoetan Txapeldun izan zen junior mailan, kategoria horretan puntu gehien lortu zituena izan zelarik.


Lehiaketa hau ospatzearekin batera Nora Imaz, June Lopez eta Izaro Audikana ere oporraldian sartu dira jada eta infantilak berriz asteburu honetan izango dute denboraldiko azken zita, Infantilen Udako Euskal Herriko Txapelketan. Hori amaituta Garazi Etxeberriak Junior eta Absolutu mailako Espainiako Udako Txapelketa prestatzen jarraituko du, uztailaren 23an amaitzeko.

ZORIONAK denoi egindako txapelketa eta denboraldiagatik eta uda ona pasa bukatu duzuenok!





Iruzkinak