Alebinek markak hobetuz jarraitzen dute

Alebinen taldeak euren ligako bosgarren jardunaldia Tolosako Usabal Udal kiroldegian izan zuen pasa den larunbatean, benjaminen saioren ondoren. Bertan alebin kategorian, gure taldeko bost haur izan ziren lehian.

Jardunaldi honetarako adin tarte honetako haurrek 1500 librea eta 200 bular probak izan zituzten gizonezkoetan eta 100 librea eta 200 bizkar proba emakumezkoetan. Aurreko jardunaldian bezala, honetan ere proba sendoak izan zituzten gure haurrek, euren kategoria aldaketari dagozkien neurrikoak. 

Gizonezkoei dagokionez, 1500 metroko proban jarri genuen arreta gehien, oso proba osoa delako adin hauetako haurrentzat, distantzia luze baten kontrola eta esfortzuaren kontrola biltzen dituelako bere baitan. Proba honetan aritu ziren Iñaki García, Oihan Matute, Mario Amantegi eta Kimetz de la Cruz. Emaitzei dagokionez, guztiek hobekuntza nabarmenak egitea lortu zutela esan behar dugu. Iñaki Garcíak 19:49,87 eginda Euskal Herriko Txapelketarako gutxienekoa egin zuen. Gutxienekoaren atarian geratu ziren Oihan Matute eta Mario Amantegi, gutxienekoa 19:59,39 izanda Oihanek 19:59,72 egin baitzuen eta Mariok aldiz 20:00,43. Kimetz-ek pixka bat gehiago behar izan zuen berarentzat proba hau egiten lehen aldia zen honetan eta kronoa 23:25,63an geratu zuen.

Proba gogor honen ondoren 200 bular proba izan zuten gure gaztetxoek eta proba bera jada gogorra izanik, aurrez 1500 librea egin ostean are gehiago. Hala ere, gureek euren onena ematen jakin izan zuten proba honetan ere euren aurreko markak hobetzea lortuz. 

Emakumezkoen kasuan, Itxaso Iparragirre izan zen lehian aritu zena. Itxaso 100 librean eta 200 bizkar probatan aritu zen eta bietan bere aurreko markak nabarmen hobetzea lortu zuen. Estilo libreko 100ean 1:21,31 eginda hirugarren sailkatu zen eta bizkar estiloko 200 metrokoan aldiz bigarren izan zen, kronoa 3:10, 96an geratuta. Pixkanaka gero eta hobeto lehiatzen ari da Itxaso eta denboraldiko bigarren zatian zehar Gipuzkoa zein Euskal Herriko gutxienekoak ere eskura izango dituela uste dugu.

Datorren apirilaren 1ean, alebin taldeak bere ligako seigarren jardunaldia izango du. Jardunaldi hau Hernaniko Udal Kiroldegian izango da.

Burunpower!




📬 Harpidetu zaitez gure albisteak emailez zure postontzian jasotzeko



Iruzkinak