3 urre, zilar eta brontze bana, 3 final, 4 marka pertsonal eta 15 urteko taldeko errekor berri bat lortuta itzuli da Iñaki Tarbes-etik
Pasa den asteburuan Iñaki García Tarbes-en izan da 31es Nautiques de Tarbes lehiaketan parte hartzen. Gipuzkoako Selekzioarekin lehiatu du eta proba asko pilatu izanagatik egun gogorrak izan diren arren, oso pozik itzuli da, igerileku luzean lehiatzeko beste aukera bat izan duelako eta esperientzia berri batekin emaitza txukunak lortu dituelako.
Iñaki bizkar erako 50 metroetan eta libre erako 50, 100 eta 200 metroko probetan lehiatu da bakarka eta horrez gain, Gipuzkoako Selekzioko taldekide ezberdinekin bi erreleboetan parte hartu du: 4x100 libre eta lau estiloetako 4x100 probetan. Oso maila txukuna erakutsi du asteburu osoan zehar eta horren erakusle da igeri egindako proba guztietan finalera sailkatzea lortu duela.
Larunbat goizean 50 libre proban 25.84 denborarekin arratsaldeko finalerako sailkatu zen jada marka pertsonala eta taldeko 15 urteko errekorra ezarrita eta arratsaldean, goizekoa hobetuz 25.62 denbora eginda, berriro ere marka pertsonala egin eta errekorra hobetuta, infantil kategorian urrezko domina lortu zuen. Larunbat goizean bertan 4x100 libre erreleboan ere parte hartu zuen Gipuzkoako beste igerilari batzuekin eta hirugarren postua lortu zuten, brontzezko beste domina bat kolkoratuz.
Larunbat arratsaldean, libre erako 50 metroetako finala jokatzeaz gain, estilo bereko 200 metroko proba indibiduala ere izan zuen eta bertan 2:05.20 denborarekin marka pertsonala eta sailkapen orokorreko bederatzigarren postu ederra lortu zuen. Proba honetan gainera, igerileku laburreko denborarekin lortuta bazuen ere, estatu mailako txapelketan parte hartzeko gutxieneko denboran igeri egitea lortu zuen. Aupa Iñaki!
Igandean berriz, goizeko saioan 50 bizkar proban marka pertsonala ezarri zuen, 30.80 denbora eginez; kasu honetan ere finalera sailkatzea lortu zuen eta asteburuko nekea ez zen ooztopo izan bere marka zertxobait hobetzeko (30.79). Gainera, infantil kategorian bigarren postua eskuratuta, zilarrezko domina kolkoratu zuen. Proba honetan estatu mailako gutxienekotik oso gertu dago Iñaki (30.75 denbora egin behar du); beraz, lanean jarraituko dugu seigarren gutxienekoa lortzeko bidean. Goizean libre erako 100 metroko proban ere parte hartu zuen kronoa 56.85-an geratuz eta marka pertsonala egiteaz gain, berriro ere finalera sailkatu zen; aurreko proban bezala, marka hori pixka bat hobetzea lortu zuen arratsaldean (56.81) eta beste urrezko domina bat lortu zuen infantil mailan irabazita. Igande goizarekin bukatzeko, libre erako 100 metroko probaren ondoren, ia deskantsurik gabe, lau estiloetako 4x100 erreleboan parte hartu zuen Iñakik azken postan; hau da, libre erako 100 metroko proba errepikatu zuen eta kasu honetan, gehiago kosta zitzaion proba amaitzea. Hala ere, azken proba honekin Iñakiren taldea berriro ere podiumera igo zen, lehen postua lortu eta urrezko beste domina bat kolkoratuz.
Asteburu ederra beraz Iñakik Tarbesen igarotakoa. Aupa Iñaki! Zorionak eta animoak gogor lanean jarraitzeko!! Burunpower!!
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina