Alebinak ere gogotsu 400 librea bezalako proba eder batean


Benjamin taldea bezalaxe, alebin taldea Lasarte-Oriako M. Chourraut kiroldegian izan zen Ligako 4. jardunaldian, benjaminen saioa bukatu eta segituan. Bertan gure taldeko 7 kide elkartu ziren: Urko Azpiazu, Aitor Ormazabal, June Apeztegia, Lier Garmendia, Kerman Miguel, Aiala Erro eta Izaro Bautista.

Jardunaldi honetarako adin tarte honetako haurrek estilo libreko 400 metrokoa eta bizkar erako 100 metrokoa edo tximeleta estiloko 50 metrokoa izan zituzten aukeran. Gainera, aurtengo berrikuntza izaten ari den moduan, saio hasieran, 25 metroko bular estiloko hanken lasterketatxoa ere izan zuten. Aurreko jardunaldian bezala, honetan ere proba sendoak izan zituzten gure haurrek, euren kategoria aldaketari dagozkien neurrikoak. Bereziki, 400 metroko proban jarri genuen arreta gehien, oso proba adierazgarria delako adin hauetako haurrentzat, distantzia ertain baten kontrola eta esfortzuaren kontrola biltzen dituelako bere baitan. Gainera, askorentzat proba hau egiten zuten lehen aldia izan zen.

Emaitzei dagokionez, gehienek hobekuntzak nabarmenak egitea lortu zutela esan behar dugu, asko jardunaldiko lehen postuetan izan zirela ere bai. 2012an jaiotakoen artean, emakumezkoen 400 librean Aiala eta Izarok 2. eta 3. postuak eskuratu zituzten hurrenez hurren, kronoa 6:16.84 eta 6:24.84an geratuta. Aitor Ormazabalek berriz, lehen postuaren borroka bizia izan bazuen ere, 5:33.69 denborarekin bigarren sailkatu zen, Gipuzkoako Udako Txapelketarako Gutxienekoa eskuratuz. Zorionak! 2012 urtean jaiotakoen artean, Kerman Miguel lehen postuan sailkatu zen kronoa 6:35,31an geratuta eta proba benetan sendoa burutuz. 

Bizkar estiloko 100 metroko eta tximeleta erako 50 metroko probei dagokienez, gureak oso txukun aritu ziren, 400 librea atseden tarte gutxirekin egin izana nabaritu zitzaien arren, gehiengoak haien markak hobetzea lortu zuen.

Alebin taldeak hurrengo hitzordua datorren martxoaren 15ean izango du, ligako bosgarren jardunaldian. Jardunaldi hau Tolosako Usabal kiroldegian izango da.

Ohi bezala, jardunaldia gure taldeak antolatu zuenez, eskerrak eman behar dizkiegu euren ezinbesteko laguntza eskaini ziguten bolondres guztiei. Mila esker Dani Garmendia, Unai Iparragirre, Javi Miguel, Amalur Yubero, Itsaso Tolosa, Arkaitz Erro, Mikel Pérez eta Borja Apeztegia zuen laguntzagatik. Zuek gabe ezingo genukeen jardunaldia burutu!

Burunpower!


Iruzkinak